Krisi
ekonomikoa edo erregimen krisia baino gehiago da hau: zibilizazio
krisia da
Europako
herritarrek, orokorrean, onartzen dute gaur egungo kontsumo gizartea
etorkizunerantz “hobetu” daitekeela (eta egin behar duela).
Bitartean, planetako biztanleen zati eder bat gure ongizate
materialen mailara iristeko zain da. Alta, produkzio eta kontsumo
maila hau baliabide natural eta energetikoak ahituz lortu da, eta
Lurraren ekologia orekak hautsiz.
Kontua
ez da berria. Ikertzaile eta zientzialari buruargienak alarmarako
zantzu sendoak ematen ari zaizkigu XX. mendeko zazpigarren
hamarkadatik hona: orain arteko hazkunde joerekin jarraituz gero
(ekonomikoa, demografikoa, baliabideen erabilera, kutsatzaileen
ekoizpena eta desberdintasunen hazkundearekikoa) XXI. menderako
ondorio probableena zibilizazio kolapsoa da.
Hazkundearen
bidea jadanik genozidioa kamera geldoan dela adierazten duten
albisteak pilatzen dira gaur. Energia merkearen eskuragarritasuna
gainbehera, aldaketa klimatikoaren eszena katastrofikoak eta
baliabideengatiko tentsio geopolitikoek erakusten dute
aitzinamendurako joera zaharrak eteten ari direla.
Erronka
honen aurrean ez dira aski garapen iraunkorraren mantra ekosmetikoak,
ez eta teknologia ekoefizienteen aldeko apustu soilak ere, edo
balizko “ekonomia berde” bat, ondare naturalen eta zerbitzu
ekosistemikoen merkantilizazioa ezkutatzen dituena. Konponbide
teknologikoak, ingurumen krisiari eta gainbehera energetikoari
dagokionean, gutxiegi dira.
Gainera,
krisi ekologikoa ez da gai partziala, gizartearen alde guztiak
zehazten dituena baizik: elikadura, garraioa, industria, eraikuntza,
gatazka belikoak… Finean, gure ekonomiaren eta bizitzen oinarria
da.
Harrapatuta
gaude hazten ez bada ez dabilen zibilizazioan, eta hazten bada bera
posible egiten duten oinarri naturalak suntsitzen dituenean. Gure
kultura teknozale eta merkatuzaleak ahaztu egiten du gu, errotik,
ekosistemen eta elkarren dependiente garela.
Planetak
ezin du gizarte produktibista eta kontsumista mantendu. Handitzen ari
den giza populazio erraldoi bati (gaur egun 7200 milioitik gora),
baliabideak urritzen ari diren planetan, bizitza duina bermatuko dion
zibilizazio berria eraiki behar dugu. Horretarako errotiko aldaketak
beharko dira bizimoduetan, produkzio moduetan, hirien diseinuan eta
lurralde antolaketan: eta batez ere aurreko guztia gidatzen duten
baloreetan. Biosferarekin oreka berreskuratzea helburu duen gizartea
behar dugu, ikerkuntza, teknologia, kultura, ekonomia eta politika
helburu horretarako erabiltzen dituena. Hori egiteko erakutsi
ditzakegun irudimen politiko, eskuzabaltasun moral eta sormen
teknikoa behar ditugu.
Baina
Transformazio Handi honek bi oztopo itzel ditu: bizimodu
kapitalistaren inertzia eta talde pribilegiatuen interesak. Kaosa eta
basakeriarantz jarraitzea saihesteko, indarrean den hegemoniarekin
haustura politiko sakona behar dugu, eta biosferaren mugen barnean
gizartearen beharrizanak asetzea helburu duen ekonomia, eta ez
hazkundea eta irabazte pribatua.
Zorionez,
gero eta jende gehiago ari da erreakzionatzen, eliteen hutsak
ordaindu ditzaten saiatzen direnean. Gaur egun, espainiar Estatuan,
M15ak (2011ko udaberritik) ekarri duen duintasun eta demokrazia
iratzartzea beste gizarte antolaketa batzuek posible egiten dituen
prozesu konstituziogilea mamitzen ari da.
Hala
ere, ezinbestekoa da proiektu alternatiboek kontzientzia hartzea
hazkundearen mugek dakartzaten inplikazioez eta aldakuntza proposamen
askoz ere adoretsuagoak egitea. Erregimen eta ekonomia krisia, krisi
ekologikoa gainditzen bada soilik gainditu ahalko dira. Zentzu
honetan, ez dira aski kapitalismo keynesiarraren errezetak. Politika
hauek, bigarren mundu gudaren ondorengo hamarkadetan, planetaren
mugen atarira eraman gintuen hedatze zikloa ekarri zuten. Beste
hedatze ziklo bat bideraezina da: ez dago mantenduko lukeen oinarri
materialik, ez eta espazio ekologikorik edo baliabide naturalik ere.
XXI.
mendea gizateriaren menderik erabakiorrena izango da. Kultura eta
gizarte guztientzako proba handia izango da, eta espeziearentzat bere
osotasunean. Gizakiok Lurrean bizitzen jarraituko dugunentz zehaztuko
duen proba izango da eta ondoren antolatuko dugun bizitza errukitsu
izateko aukera. Parean dugun transformazioaren erronka neolitoko
iraultza edo industria-iraultzaren mailako gertakari historikoen
neurrikoa da.
Adi:
abagunearen atea ixten ari da. Egia da erresistentzia mugimendu asko
daudela munduan zehar ingurumen justiziaren alde (Global Witness
erakundeak ia mila anbientalista hildako erregistratu ditu azken
hamar urteetan bakarrik, meatzaritza edo petrolio erauzketa
proiektuen aurka borrokan ari zirela, haien lur eta urak babesten).
Baina gehienez ere bosturte bat dugu hazkundearen mugei buruzko
eztabaida zabal eta transbertsala sendotzeko, eta demokratikoki
alternatiba ekologiko eta energetiko zehatz eta bideragarriak
eraikitzeko. Gai izan behar genuke ekonomia, energia, gizarte eta
kultura eredu aldaketa baten alde gehiengo handiak lortzeko.
Boterearen menderatzeko erabileratik eta aberastasunen pilatzetik
eratorritako bidegabekerien aurka borrokatzeaz gain, errealitatea
onartuko duen eredu batez ari gara, naturarekin baketuko dena eta
Lurraren mugen ekologikoen barnean bizi ona posible egingo duena.
Zibilizazio
bat amaitzen ari da eta beste bat eraiki behar dugu. Ezer ez
egitearen ondorioek —edo gutxiegi egitearenak— zuzenean
garamatzate gizarte, ekonomia eta ekologiaren kolapsora. Baina gaur
hasiz gero, oraindik izan gaitezke gizarte solidario eta demokratiko
baten protagonista, planetarekin bakean.
Iberiar
Penintsulako toki anitzetan, Balearretan, Kanarietan, Ceutan eta
Melillan 2014ko udan
Itzulpena:
Mikel Gartzia
Source:
Comments
Post a Comment